XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kanta zahar hauen balioa eta eragina alde askotatik azpimarra eta azter daitezke, bai euskararen aldetik, bai herri ohituren aldetik, baina baita ere erlijio eta katekesia aldetik, baitipat Gabonetako kantak eta eliz kantak egiazko katekesi bide bat izan bait dira gure herrietan urtez urte.

Eta giro hartan bide egokia noski.

Besterik gabe, kanta bakoitzari sarreratxo bat egingo diot argitasun pixka bat eman nahirik.

1.- AGUR AGUR: Juan Arin apaiz ataundarrak jasotako bertsioa ematen dut hemen.

Entzun diet ere kanta zahar hau beste askori, adibidez, Saarteko Jose eta Iñaki Arratibeli, Aietxeberriko Patxiren familikoei, Artillako Felipe Baztarrikari eta Itzateko Santi Bazterrikari... eta hauen bariante edo aldakinak oharretan ezartzen ditut, interesgarriak bait dira.

Juan Arinek dionez kantu hau oso ezaguna zen Ataunen aurreko mendearen erdialdean (1850 aldera) eta Albisutegi baserriko errementari batek asmatua omen da, txingura (ingude) gainean mailuka ari zelarik.

Gabon gauean kantatu ohi izan da beti.

Kanta honen zenbait bertso ezagunak dira Ataundik kanpora, adibidez Ziordian (ikus Azkue, Cancionero popular vasco, 1968 II, 914 z., 3 bertso doinu eta guzti); Andoainen (Anuario E.F. 1924, 64 or.); Itsasondo-Urkian (Lekuonatar Manuel, Idazlan guztiak 1, Aozko literatura 439-441 or.; Ibai-ertz, Gabonetako Kopla zaarrak Zeruko Argian 616 (1974)).

Ataunen kanta honekin erabiltzen den doinua hemen bertan ematen dugu.

Bertso batzuk 1. doinuz kantatzen dira, beste zenbait II. doinuz eta III. doinuz koplak.

Juan Arinek beste nunbait dio Ataunen, 1860 aldera, kantatzen zela beste Eguberri kanta bat ere, eta hasiera bakarrik ematen du honela:
Dios te salve ongi etorri
Gabon Jainkoak diela
....